Euskadik klima aldaketaren arloko munduko aditu nagusienak hartuko ditu martxoan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak antolatutako Nazioarteko Konferentzia batean

15/10/2018

Línea Verde

info@lineaverdemunicipal.com

  • Change the Change da konferentziaren leloa, eta 3 egunetan 600 parte-hartzaile bilduko ditu, bai eta klima-aldaketaren nazioarteko 50 aditu onenetariko ere.
  • 8 atal tematikotan egituratuko da, honako gai hauek jorratzeko: planetaren osasuna, eskualdeen rola, hiri-ingurunea, jasangarritasuna, energia-trantsizioa, ekonomia, hezkuntza, eta emakumeen lidergoa.
  • Horretaz gain, “planetako heroiak” delakoek hartuko dute parte: hainbat arlotatik klima-aldaketaren aurka borrokatzen ari diren pertsonen konferentzia inspiratzaileak.
  • Konferentzia Euskadiko Klima Aldaketaren Astearen barnean egingo da; ekimen horrek hiru lurraldeetako publiko guztientzako jarduera-egutegi zabala eskaintzen du, herritarren arreta bereganatzeko helburuz.
  • Euskadik klima-atlas bat garatu du, eta, halaber, klima-aldaketak XXI. mende amaierara arte lurraldean eragingo dituen inpaktuei buruzko etorkizuneko proiekzioak ere egin ditu. Eusko Jaurlaritzak KLIMA 2050 estrategia dauka, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta haietara egokitzeko, eta Klima Aldaketaren Lege berria eratzen ari da.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, Iñaki Arriolak, gaur iragarri du Euskadin egingo dela Change the Change (aldaketa aldatzea) deituriko Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzia, 2019ko martxoaren 6an, 7an eta 8an Donostian izango dena. Deialdi horretara hainbat arlotako 600 parte-hartzaile bertaratzea espero da, hala nola enpresa-mundukoak, toki-administraziokoak, unibertsitatekoak, teknologia-zentroetakoak, ikerkuntza-zentroetakoak, gobernuz kanpoko erakundeetakoak eta gizarte-erakundeetakoak. Helburua da klima-aldaketaren eztabaidaren abangoardian kokatzea lehen mailako hizlariekin, eta, halaber, gure ingurunean jarduteko aukera berriak irekitzea.

Konferentziaren aurkezpen horretan, Arriola sailburuarekin batera egon dira honako hauek: Valvanera Ulargui, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako Ministerioko Klima Aldaketaren Bulegoko zuzendaria; José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua; eta Ernesto Gasco, Donostiako Udaleko alkateordea. Hain zuzen, erakunde horiek antolatzen dute Konferentzia, Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Hiru egun horietan, klima-aldaketaren inguruan mundu mailan garrantzitsuenetakoak diren berrogeita hamar adituk beren ikuspegi estrategikoa azalduko dute, 90 minutuko saio inspiratzaileetan, non elkarrizketarako eta eztabaidarako tartea ere egongo baita. 8 bloke tematikotan egituratuko dira saioak, honako gai hauek jorratzeko: planetaren osasuna, eskualdeen rola, hiri-ingurunea, jasangarritasuna, energia-trantsizioa, ekonomia, hezkuntza, eta emakumeen lidergoa. Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako ministroak, Teresa Riberak, inaugurazio-saioan egongo dela berretsi du, eta haren hitzaldian Espainiak klima-aldaketaren gaian nahiz Europako testuinguruan duen posizioa azalduko du.

Horrez gain, konferentziaren egun bakoitzean, atal tematikoak “planetako heroiak” delakoen saio berezi batekin osatuko dira. Pertsona horiek proiektu eta ekimen berritzaileak abiatu dituzte, hainbat arlotatik eta munduko hainbat lekutan, klima-aldaketari aurre egiteko eta hari buruz jendea sentsibilizatzeko. Helburua da klima-aldaketari buruzko eztabaida teorikoa emaitzak erdiesten ari diren benetako proiektuetara eramatea.

Hain zuzen, klima-aldaketa pertsona ororen ardura dela azpimarratzeko, Konferentzia Euskadiko Klima Aldaketaren Astearen esparruan egingo da. Euskadiko Klima Aldaketaren Astea EAEko hainbat lekutan egingo da 2019ko martxoko lehen astean, eta publiko guztientzako jarduera-egutegi zabal bat eskainiko du. Mikrotopaketen, proiektu berritzaileen aurkezpenen, erakusketen eta beste ekitaldi paralelo batzuen bidez, hainbat sektore gonbidatuko dira parte hartzera, hala nola industria, zientzia, politika eta kultura. Helburua zera da: herritarrek klima-aldaketaren aurkako konpromiso pertsonala har dezatela; izan ere, ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da.

Zortzi panel tematiko

Klima Aldaketari buruzko Nazioarteko Konferentzia Nazio Batuen “Momentum for Change” ekimenaren barruan dago, eta Parisko Akordioarekin lerrokatuta. Change the Change konferentziak abangoardiako ikuspegi bat helaraziko du planetak aurrez aurre dituen klima-aldaketaren erronkei buruz, eta arlo horretan gehien nabarmentzen ari diren ekimen eta ekintzak ezagutaraziko ditu.

Change the Change konferentziako 8 ataletan honako gai hauek jorratuko dira:

  1. Planetaren osasuna: ekintzarako zientzia. Azken 200 urteetan gizateria aztarna sakona uzten ari da ingurumenean, eta, hori dela eta, zientzia-komunitateak aro geologiko berri gisa deskribatu du: Lurrean gizakiak eragina izan duen aroa edo Antropozenoa. Zientzia-komunitatea izan da klimaren egoeraz ohartarazi duena, eta, era berean, beharrezko zaintza eta ikerketak egin ditu, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko politikak planteatu ahal izateko. Atal honek klima-aldaketaren ikuspegi zientifikoa landu nahi du, bai eta erronkak non dauden eta erantzunak nola zuzendu behar diren adierazi ere; izan ere, zientzia-komunitatea sinetsita dago honelako erronka global baten aurrean ezagutza dela ekintzara garamatzana.
  2. Eskualde-ingurunea. Klima-aldaketa mehatxu bat da, eta elkarlanaren bidez soilik aurre egingo zaio. Mundu osoan, gobernu azpinazionalak, tokiko-gobernuak eta eskualde-gobernuak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko erakusten ari diren konpromisoa estatuen anbizioa bera baino handiagoa da kasu askotan. Eskualdeen lidergoa indartu egin da hainbat nazioarteko sareren bidez (hala nola nrg4SD eta Under2 koalizioa). Sare horietan, eskualdeek beren esperientziak eta ezagutzak partekatzen dituzte, berotze globalak ez ditzan Parisko Hitzarmenean finkatutako 2º C-ak gainditu. Atal honetan, klima-aldaketaren aurkako borrokan bereziki konprometitutako eskualdeen esperientziak azalduko dira, eta, halaber, erakutsiko da eskualde horiek beren lurraldean dituzten erronka handienei nola egiten dieten aurre.
  3. Hiriak. Kalkulatzen da 2050ean 9.000 milioi biztanle egongo direla munduan, eta horien % 70 hirietan biziko dela. 2030ean, 20 hirik 15 milioi biztanle baino gehiago izango dituzte (horietako 4 Txinan daude). Hazkunde horrek hainbat erronka planteatzen ditu bizi-kalitateari eta ingurumenaren jasangarritasunari dagokionez, eta, era berean, baliabide naturalak mugatuak izanik, arazoa larriagotu egiten da. Atal hau hirietan dagoeneko hartzen ari diren neurrien eta izandako esperientzien erakusleihoa izango da, ekintza klimatikoari tokiko ikuspegitik helduz eta ekintza horien lehentasunak eta norabidea definituz.
  4. Jasangarritasuna. 2015eko irailaren 25ean, munduko 200 bat agintarik helburu globalen multzo bat ezarri zuten, garapen jasangarrirako agenda berri baten barruan, pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta pertsona guztientzako oparotasuna ziurtatzeko. Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) deiturikoak dira, mundu-mailako helburuak izenez ere ezagunak. Atal honetan honako hauek aztertuko dira: nazioartean jasangarritasun-politikek izandako aurrerapena, 2030 Agendaren aplikazioa, klima-aldaketarekiko inplikazioa eta etorkizuneko erronkak.
  5. Energia-trantsizioa. Erregai fosiletan oinarritutako egungo energia-eredutik energia berriztagarrietan, energia-efizientzian eta garapen jasangarrian oinarritutako ekonomia jasangarri batera igarotzea da eztabaidagai nagusia une honetan. Beharrezkoa da energia-eredu berri bat garatzea, herritarren, enpresen eta ingurumenaren beharrekin bat etorriko dena. Eta prozesu hori Europako merkatuan ahalik integrazio handienarekin egin behar da. Atal honetan, bidezko energia-trantsizio bat egiteko kontuan izan beharreko hainbat alderdi jorratuko dira.
  6. Ekonomia. Klima-aldaketa erronka handi bilakatu da munduko ekonomiarentzat. Aldi berean, klima-aldaketaren ondorioz eredu ekonomiko berriak ari dira sortzen, bai eta beste mugimendu batzuk ere, hala nola ekonomia zirkularra, lankidetza-ekonomia edo partekatua, guztion onerako ekonomia edo finantza arduratsuak. Horien guztien helburua, ekonomiaz harago, balioa sortzea da, eta, halaber, gizarte jasangarriago baterantz joatea. Banku-sistemak, finantza-sistemak edo aseguruen sektoreak erronka ekonomiko globalari nola aurre egin behar dioten atal honetan eztabaidatuko diren gaiak dira, besteak beste.
  7. Hezkuntza, kultura eta gizartea. Klima-aldaketa zeharkako erronka bat da, hainbat sektore desberdinetan eragiten duena aldaketa sozialak eta kulturalak planteatuz. Nekazaritza eta Basozaintzako sektorean, arrantza-sektorean, elikadura-sektorean, osasun-sektorean, segurtasun-sektorean eta garraio-sektorean, besteak beste, klima-aldaketak duen eraginak erronka berriak ezartzen ditu. Erronka horiei etxebizitzaren eta hiri-plangintzaren ikuspegitik heldu behar zaie, bai eta kulturaren, hondakinen kudeaketaren eta herritarren kontzientziazioaren ikuspegitik ere. Klima-aldaketaren ondorioz gertatuko diren eraldaketa sozialak eta haiei aurre egiteko modua izango dira atal honen ardatz nagusiak.
  8. Emakumeen lidergoa. Modu geldiezin batean, emakumea eta haren lidergoa gure gizartean eragiten ari dira, hainbat alorretara ikuspegi desberdin bat ekarriz. Gizartea eraldatu dezakeen ikuspegia da, eta, hori dela eta, nahitaezkoa da emakumearen rola sustatzea, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta hartara egokitzeko abiatu nahi den edozein ekintzatan. Atal hau emakumez soilik osatuta dago, eta klima-aldaketaren problematikari heltzeko moduan benetako eraldaketa bat egiten ari diren emakumeen testigantzak eta esperientziak ezagutzeko balioko du.

Klima-aldaketa Euskadin

Klima-aldaketaren aurkako borrokan, etorkizuneko klima-baldintzak nolakoak izango diren aurreikustea da urratsetan lehena. Ildo horretan, Euskadik klima-atlas bat egin du 1971-2015 aldiko eguneroko datuekin 4 oinarrizko aldagairi dagokionez (prezipitazioa, batez besteko tenperatura, tenperatura maximoa eta tenperatura minimoa) eta bereizmen espazial altuarekin. Atlas hori klima-aldaketaren XXI. mende amaierara arteko proiekzioekin osatzen da. Proiekzio horiek Klima Aldaketari Buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC, ingelesezko sigla) nazioartean koordinatzen dituen klimari buruzko joera-proiekzioen ildoari jarraikiz daude eginda.  

Atlas hori eta proiekzioen agertokiak oinarritzat hartuz eta haiek duten bereizmen espazial altuari esker, klima-aldaketak Euskadin eragiten dituen inpaktuen azterketa sektorialerako eta lurralde-azterketarako datu erabilgarriak lortzen ari dira. Etorkizunera begira, punturik esanguratsuenetako batzuk aipatzearren: neguko tenperatura minimoek eta udako tenperatura maximoek gora egitea; prezipitazioen murrizketa eta fenomeno meteorologiko izugarriak; itsasoko uraren tenperaturaren berokuntza eta itsas mailaren igoera; eta laboreetan, basoetan eta gizakien osasunean eragina.

KLIMA 2050 Estrategia eta Klima Aldaketaren Lege berria

Dagoeneko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Klima Aldaketaren Lege berria eratzeko lanean dihardu. Egun, KLIMA 2050 Estrategia dauka, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta gure lurraldea horietara egokitzeko. Eusko Jaurlaritzako sail guztiek partekatzen duten tresna da, eta orain arte garatu diren jarduketak indartzeko eta beste neurri batzuk hartzeko balio du.

KLIMA 2050 Estrategiaren helburuak asmo handikoak dira, hona hemen esanguratsuenak: batetik, berotegi-efektuko gasen isuriak, klima-aldaketaren eragile direnak, % 40 gutxitzea 2030. urterako, eta, bestetik, karbono gutxiko energia-eredu baten aldeko apustua, 2050ean, energia berriztagarrien kontsumoa azken kontsumoaren % 40 izan dadin.

Irekia

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies