Euskadik, ‘Change the Change’ konferentzian, klima-aldaketak toki-eremuan dakartzan mehatxuen berri emango du

11/02/2019

Línea Verde

info@lineaverdemunicipal.com

  • Konferentzia martxoaren 6tik 8ra bitartean izango da, Donostian; urteko hitzordu esanguratsuenetako bat izango da, eta nazioarteko lehen mailako hizlariak izango dira bertan. Halaber, arazoa eskualde-mailan nola bideratzen ari den ezagutuko da
  • Mende-amaierarako, hiru euskal hiriburuetan tenperatura maximoak 4 eta 5 ºC bitartean igoko dira eta minimoak 3 eta 4 ºC bitartean. Gainera, berrogei udalerritan, non biztanleriaren % 80 bizi baita, kanpoko klima-fenomenoek eragingo dute, besteak beste uholdeek, itsaso-mailaren igoerak eta bero-boladek.
Klima-aldaketa fenomeno globala da, eta Euskadi ere ari da haren eraginak jasaten. Nazioarteko erakunde gehienek gizatasunaren erronka nagusienetakotzat katalogatu dute, eta maila globalean eta toki-eremuan jardun behar da, haren aurrean. Ideia horrekin antolatu da ‘Change the Change’ Nazioarteko Konferentzia; martxoaren 6tik 8ra bitartean izango da, Donostian. Azken nobedadeak gaur eman dituzte ezagutzera erakunde antolatzaileek, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuko foru-diputatuak eta Ernesto Gasco Donostiako Udaleko alkateordeak ordezkatuta.

Eskualde eta toki mailako ikuspegitik, Euskadiren egoera, klima-aldaketari dagokionez, dagoeneko oso aztertuta dago. 1971tik egunero ari da horretan lan egiten eta, ondorioz, bereizmen handiko atlas klimatikoa prestatzen ari da eta, horren bidez, aldi berean, XXI. mendean klima-aldaketak ekar dezakeenari aurrea hartzeko proiekzioak egin daitezke, Klima Aldaketaren Gobernuen arteko Panelak (IPCC, ingeleseko siglak) nazioarte-eremuan aztertzen dituen joeren ildotik.

Ihobe – Eusko Jaurlaritzako ingurumen-kudeaketako sozietateak eginiko azterlanetatik ondorioztatu da muturreko tenperatura minimoak 1 eta 3 ºC bitartean igoko direla neguko hilabeteetan, eta muturreko tenperatura maximoek 3 ºC egingo dutela gora udan.

Neguan, egun izoztuen kopurua erdira murriztuko da, eta 2020tik aurrera desagertu egingo da “hotz-bolada” fenomenoa. Udan, bero-bolada luzeagoak egotea eta horien maiztasuna pixka bat areagotzea espero da. 2020aren eta 2050aren artean, bero-boladak udako egunen % 30 izan daitezke, eta mende-amaieran % 50era iritsi daitezke. Era berean, euri moderatuko egunen maiztasuna murriztu egingo da eta gora egingo du zaparrada handiko egunen kopuruak.

Euskal hiriburuek tenperaturen aldaketa handiagoa jasango dute; izan ere, Donostian, Bilbon eta Vitoria-Gasteizen tenperatura maximoak 4 eta 5 ºC bitartean egingo du gora eta tenperatura minimoak 3 eta 4 ºC bitartean.

Egoera horren aurrean, Euskadik KLIMA 2050 Estrategia du, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta lurraldea horietara egokitzeko. Gainera, Klima Aldaketaren Lege berrian ari da lanean. Arriola sailburuak adierazi duenez, Konferentzia “ingurumenaren deiadarra izango da gizakiok eragindako emaitza aztoragarriei buruz” eta, Euskadi planetaren zati txikia izan arren, “norberak egingo edo huts egingo duenak modu zuzenean eragiten digun mundu mailako erronkari irtenbidea emateko alde edo aurka joko du”  azpimarratu du sailburuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuko foru-diputatua: "Ezinbestekoa da klima aldaketari tokian tokiko esparrutik eustea, izan ere, bertatik hartzen dira erabaki garrantzitsuenak. Tokian tokiko estrategia egokia, gure ingurumen arazoei aurre egiteko eta erronka hau aukeran bilakatzeko gakoa da, ekonomia berdean oinarritutako garapen eredua sustatuz lurraldearentzako enplegua eta aberastasuna sortzen duena. Zentzu honetan, Gipuzkoak GK 2050 estrategia onartu du, Naturklima Klima Aldaketa Fundazioa abiarazi du eta konpromiso aktiboa du gizartea berotze globalaren aurrean sentsibilizatzeko”.

Donostiako Udaleko alkateorde Ernesto Gascok hau azpimarratu du: “Konferentzia antolatzeko Donostia hautatzea aukera paregabea da hiria munduko mapan kokatzeko. Hori bezalako ekitaldia ona da, bai kanpoko sustapenerako bai toki mailako sektore ekonomikoetarako. Izan ere, Donostian, bere aginpidean, abian jarri diren neurriak zein programak aditzera emateko aukera izango da, klima-aldaketaren eraginak arintzen saiatzeko. Klima DSS 2050 Ekintza Planaren onarpena, tokiko Agenda 21, eta C02-ren isurpenak murrizteko beste ekimen batzuk, nahiz eta agian hiriko eguneroko bizitzan ia ez diren nabarmentzen, guztiak dira politika-, ekonomia- eta gizarte-sektoreak bultzatzen ari diren estrategiaren parte”.

Hitzordu esanguratsua

‘Change the Change’ nazioarteko konferentzian, klima-aldaketan adituak diren 50 pertsona ezagunen hitzaldiak izango dira, ‘planetako heroi’ izenekoez gainera. Bertan, hiru egunez, 600 pertsona batzea aurreikusten da; horrela, eremu horretan urteko hitzordu esanguratsuenetakoa izango da.

Nazioarteko lehen mailako adituak izango dira, esaterako: Nicholas Stern ekonomialari britainiarra, Bunny McDiarmidGreenpeace Internationaleko zuzendarikide exekutiboa, Connie Hedegaard Klimako Europako komisario ohia edo Manuel Pulgar-Vidal Naturarentzako Mundu Fondoko (WWF International) Klimako eta Energiako liderra, beste askoren artean.

Programan sartu diren azkenen artean aipatzekoak dira, halaber, Sylvia Earle National Geographic-eko ozeanografoa eta oraintsu Konkordiaren Asturiasko Printzesaren saria jaso duena, eta Mónica López RTVEko meteorologia-arloko zuzendaria eta ACOMET Meteorologiako Komunikatzaileen Elkarteko presidentea.

Irekia

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies