22/05/2019
Línea Verde
info@lineaverdemunicipal.com
Eusko Jaurlaritzako Ingurumenerako sailburuorde Elena Moreno eta Natur Ondarearen eta Klima-aldaketaren zuzendari Aitor Zulueta atzotik daude Alemaniako Heidelberg hirian, Baden Wurtemberg eskualdean, Ekintza Klimatikoari buruzko Nazioarteko Konferentzian parte hartzeko. Datorren ostegunera arte, hots, maiatzaren 23ra arte, 70 herrialdetako tokiko, eskualdeetako zein estatuetako 700 liderretik gora bilduko ditu, “Ekintza klimatikorako lankidetza” lelopean.
Eusko Jaurlaritza klima-aldaketaren arloan gauzatzen ari den politiken punturik garrantzitsuenak aurkeztera gonbidatu dute Euskadi. Goi-mailako mahai-inguru batean izango da, datorren ostegunean (maiatzaren 23an). Bertan aurkeztuko dira eskualde eta estatu aurreratuenetako esperientziarik onenak, eta baita lurralde bakoitzean izandako erronkak eta mugak ere.
Elena Moreno sailburuordeak mahai-inguru horretan aurkeztuko ditu Ingurumen Sailetik bultzatzen ari diren lege- eta antolamendu-ekimenak, Ingurumen Administrazioaren lege berriak eta Euskadiko Natur Ondarearen Kontserbaziorako legeak esaterako, jada izapidetze bidean daudenak, eta baita klima-aldaketaren inguruan izango dugun euskal legea ere. Udalsarea 2030en tankerako sareetan izandako koordinazio instituzionala, Euskadin ekodiseinua eta ekoberrikuntza sustatzeko lankidetza publiko-pribatua eta Europako eskualdeen ahotsak ordezkatuta dauden nazioarteko sareen bitartez entzutearen garrantzia ere gailenduko ditu, eta baita horiek finantzatzeko politika ere.
Lankidetza-sareak eta maila anitzeko gobernantza dira nazioarteko konferentzia honen ardatz nagusia. Administrazio-maila desberdinek Energiaren eta Klimaren Plan Integratuak (PNIEC) martxan jartzeko orduan duten egitekoaren inguruan ere arituko dira konferentzian. Europako estatu guztiek Europako Batzordeari aurkeztu behar zizkioten plan horiek, 2018ko urte amaiera baino lehen. Saio desberdinetan, PNIEC bakoitzean ezarritako helburuak, lurraldeen erresilientzia eta egokitzeko neurriak landuko dira. Horrez gain, eskualde desberdinetan martxan jarritako ekintza klimatikoen jardunbide egokiak eta irtenbide berritzaileak ezagutzera emango dira.
Lankidetza estrategikoa Baden Wurtembergekin
Baden Wurtembergeko eskualdeko gobernuak martxoan gonbidatu zuen Eusko Jaurlaritza Ekintza Klimatikoaren Nazioarteko Konferentzian parte hartzera, Donostian egindako klima-aldaketari buruzko Change the Change nazioarteko konferentzian. Bertan, Baden Wurtembergeko ingurumeneko ministroak, Franz Untersteller-ek, hizlari modura parte hartu zuen Eskualde-eremuaren panelean.
Hark hitz egin ondoren, Baden Wurtembergeko delegazioa Elena Moreno sailburuordearekin eta azken horren taldearekin bildu zen, etorkizunean lankidetzan aritzeko bideak aztertzeko. Elkarrizketa horien ondorioz parte hartu zuen Eusko Jaurlaritzak Heidelbergeko Ekintza Klimatikoaren Konferentzian.
Alemania, eta zehazki Baden Wurtemberg eskualdea, interes handiko erreferentzia dira Euskadirentzat, klima-aldaketaren arloan gauzatu dituzten ekintzen indarragatik eta estatuko, eskualdeko eta udalerriko maila desberdinetako gobernantzaren inguruan izandako arazoengatik, administrazioaren maila bakoitzean klima-aldaketari aurre egiteko konpromiso maila desberdinak hartu baitituzte.
Nazioarteko Konferentzia Klimatikoari buruzko informazio gehiago: www.icca2019.org
Irekia
Cerrar [X]Uso de cookies
Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies